Euskal musikaren bost hamarkada disko azaletan

[gdlr_notification icon=”icon-font” type=”color-border” border=”#333333″ color=”#ffffff”]Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.[/gdlr_notification]

[gdlr_notification icon=”icon-flag” type=”color-background” background=”#333333″ color=”#ffffff”]Ane Arruti, GARA.[/gdlr_notification]

60ko hamarkadatik gaurdaino euskal musikaren aurkezpen irudi izan diren diskoen azalak bildu ditu «Azaletatik Sustraietara» proiektuak liburu batean, idazle eta musikarien iritzi eta iruzkinekin lagunduta.

La Polla Recordsen «Salve», Mikel Laboaren «Bat-hiru», Hertzainaken disko homonimoa edo Cicatrizen «Inadaptados», euskaldunen gogoan iltzatuta gelditu dira disko hauen azaleko irudiak. Horiek dira «Azaletik Sustraietara» proiektuan galdekatu dituzten musikariek gehien errepikatu dituztenak, behintzat. Emankor Sarearen lan honetan 600 azal inguru bildu dituzte liburu batean, hamarkadaz hamarkada sailkatuta. Alaitz Rodriguez, Emankor Sareko kideak abiatu zuen ekimena.

Atal bakoitzaren sarrera idazle baten esku egon da: Jose Angel Irigaraik egin du 60ko hamarkada; Edorta Jimenezek 70ekoa; Itxaro Bordak 80koa; Harkaitz Canok 90ekoa; eta, azken hamarkada, Kirmen Uribek. «Sarrera sentimentalak dira, ez dira kronika zehatzak», azaldu zuen Jimenezek. Bestalde, Xabier Montoiak hamarkada bakoitzetik azal bana aukeratu du: Mixel Labegerieren «Lau kanta», Laboaren «Bat-hiru», Beñat Achiaryren «Ene kantu ferde ta urdinak», Erramun Martikorenaren «Otsobi» eta Maddi Oihenarten «Hari Biru».

Azalen ondoan, musikari mordoen iritziak ere ageri dira, besteak beste: Fermin Muguruza, Benito Lertxundi, Kepa Junkera, Josu Zabala, Aurora Beltran, Anjel Valdes, Alex Ubago, Alfredo Piedrafita…

«Azalen estetika ahanzturan gelditu izan da ia beti eta batez ere 70-80ko hamarkadan sekulako garrantzia zeukaten», esan zuen Alberto Cobosek, proiektuaren koordinatzaileak.

Liburuarekin batera web orri bat ere jarri dute martxan, www.azaletatiksustraietara.com. «Orrialde dinamikoa eta parte-hartzailea izatea nahi dugu. Gaur egungo gazteek aurreko hamarkadetan egin dena ezagutzea nahi dugu», esan zuen Cobosek.

Bestalde, udaberri aldera erakusketa bat egingo dute azal onenen aukeraketa batekin eta kontzertu bira ere hasiko dute, talde ezberdinetako kideekin. Durangon, berriz, Ahotsenean izango dira, astelehenean 19:00etatik aurrera.

 

Related posts